ZURRIOLA IKASTOLA: Jaien azterketa hezkidetzaren ikuspegitik

Kaxkarinak esaten digute donostiarroi eta ez dugu guk ezetz esango. Jakina horrek ez duela esan nahi buruarinak garenik edo gauzak sakon egiten ez ditugunik, baina... Iriyarena entzun eta derrepentean, egokitasuna ahaztuta, hasten gara dantzan. Zer egingo diogu! festa daramagu zainetan! Guk, aurrekoek... baita ondorengoek ere.

Badakite hori ederki asko Zurriola ikastolan. Ez alferrik 50 urte daramatzate neska-mutil donostiarrak hezitzen. Badakite festek indar handia dutela gure identitatean eta badakite ere guztiz lotuta daudela ideien eta baloreen munduarekin. Horregatik hasi dute juxtu jaien azterketarekin ikastolan egiten ari diren iraultza hezkidetzailea.


Uxoa Irigoien eta Leire Gutierrez, Zurriola ikastolako hezkidetza batzordeko kideak
2014-2015ean abiatu zuten Zurriolan ikastolako Hezkidetza proiektua. Genero ikuspegitik ikastolaren diagnosia ahalik eta zehatzen egitea zuten helburu nagusia eta bazekiten diagnosia osatzeko prozesuak eskolako eragileekin sentsibilizazio lana egitea ahalbidetuko ziela, diagnosiak berak ikusgarri egiten baititu genero desorekak eta aukera berdintasunerantz urratsak egiteko premia.

Diagnostikoa eremuka egin behar denez, urratsez urrats egitea erabaki zuten eta urratsetatik lehena ikastolako ospakizunen azterketa izan da. Margaret Bullen antropologoaren hitzek, «jaietan gertatzen dena gizartean gertatzen denaren isla da” eta horrekin bat eginez, antropologia feministak dionak «festak eta ospakizunak ez dira gizartean gertatzen diren eszenifikazio soilak, kultur adierazpen sendoak baizik», bultzatu dituzte ahaleginean.

Eta Berriztapen Jardunaldietan, hortik abiatuta orain arte egin duten ibilbidea azaldu digute Uxoa Irigoienek eta Leire Gutierrezek oso era adierazgarrian. Bien eskutik jakin dugu nolako sua eragin duen ikastolako bizitzan Hezkidetza Batzordeak piztutako txispak eta ezagutu dugu ere Zurriolako komunitateak proiektuari egin dion harrera ona.

Hasitako lan honetan orain arte bezain kementsu jarraitzera animatzen ditugu Donostiako Berritzegunetik.
__________________________________________

Diagnosiaren txostena ezagutu nahi duenak hemen klikatuz jaitsi dezake eta, jarraian, jardunaldietan erakutsi ziguten diapositiba aurkezpena ikus dezakezue: