Saltatu eta joan eduki nagusira

ELENA LAIZ

Elena Laizen kurrikulumaren berri ematean, lehen titulua maistra aipatu behar. Elena urtetan irakaslea dugu, eta gehienetan eskola txikietan izan dugu. Hau izan da bere aukera: hezkuntza sisteman, eskola txikiak.

Elenaren izena bere hezkuntza-langintzan zerbaitekin lotzekotan eskola txikiekin eta konstruktibismoarekin lotuta aurkituko dugu. Urteak daramatza bi pasio hauek bizitzen, bere hezkuntza-lana zutabe horietan oinarritzen, zuzenean irakasle bezala edota irakasleekin formakuntza lanetan. Eskarmentu handikoa dugu!

Konstruktibismoaren eskutik urteak daramatza ikasten eta ikertzen ikasleei orokorrean eta eskola txikietakoei bereziki zer nola hobeto erantzun euren hezkuntza jardueran. Horretarako mundu mundialeko adituenen ikasle zintzoa izan bada ere, ikaslea beti ez ikasle eta irakasle bihurtu zaigu. Erreferente preziatua dugu gure inguruan eta haratago ere konstruktibismoaren hezkuntza-bidean. Milaka kilometro egin izan ditu erkidegoko hiru lurraldeetan eta baita Nafarroan ere. Ez da inguruan eskola txikirik Elena ezagutzen ez duenik, eta berarekin lana egin ez duenik.

Konstruktibismoaren hezkuntza sistemaren jarraitzailea dugu Elena. Konstruktibismoa, ikasketa kooperatiboa eta eskola inklusiboa dira bere lanaren, filosofiaren eta buruan duen eskolaren zutabeak. Benetan sinesten du hezkuntza filosofia honen bidez proposaturiko bidea dela ikasketa eraikitzeko era egokiena eta aproposena gure eskoletako ikasleentzat. Eta ikasketa eraikitzeko era egokiena dela esatera ausartzen bada, urtetako ikerketak, esperientziak, lanak, ikasketak, elkarrizketak eta gogoeten oinarritzen da.

Bere hezkuntza-sinesmenak, esperientzia eta jakinduria egun gure inguruan zabaltzen ditu eskola txikietako irakasleen formakuntza gunetan. Lan horretan buru belarri aritzen da gidari, animatzaile eta suspertzaile gisa azken urteetan Gipuzkoako eta Bizkaiko eskola txiki askotako irakasleekin, auzolanean. Asteko agenda betea izaten du bai Gipuzkoan eta Bizkaian zuzentzen dituen mintegietako bilerekin eta bilerak prestatzeko lanekin. Gipuzkoan, bi eremutan eskaintzen du bere formakuntza Tolosaldean eta Kostaldean.

Barnean duen altxorra askorekin konpartitu nahirik, “Hizkuntza idatzia. Zenbait ideia eskolarako” liburua argitaratu du. Ziur ez dela azkena!

Urtetan zehar jasotako eskarmentua, bizi izandako guztia, bizi eta ezagututakoaz egindako gogoetaren zatitxo bat Gipuzkoako IX. Berrikuntza jardunaldietan entzuteko aukera izango dugu. Eta berea bakarrik ez, bere mintegietara inguratzen den irakasleen eskarmentua, jakinduria eta esperientzia plazaratuko dizkigu. Han, Donostian, maiatzaren 7an, urtetan eskola-txikietako neska mutiko bakoitza eta guztien hezkuntza prozesua aberastearen alde egindako lanaren berri izango dugu. Han izango dugu Elena Laiz eta bere ahotik hamaika eskola txiki ere bai.